martes, 28 de abril de 2015



«Kontseilura gizonen bat badator, jaiki eta joango gara; hitz egina dugu»

Donostiako Emakumeen Berdintasunerako Kontseiluan gizonak ere onartzea ekar dezakeen arautegia botatuko dute Donostiako Udalean.

Kontseiluko kide gehienak, aurka; PSEk egin du eskaria
Maria Rodriguez Melon, Pilar Karrere eta Eukene Pardo, atzo, prentsaren aurreko agerraldian.
Maria Rodriguez Melon, Pilar Karrere eta Eukene Pardo, atzo, prentsaren aurreko agerraldian. A.CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2015-04-28 / Arantxa Iraola

«Donostiako Emakumeen Berdintasunerako Kontseilua emakumez bakarrik osatuta egotea nahi dugu». Erakunde horren izenean prentsaren aurreko agerraldi bat egin zuten atzo Pilar Karrerek, Maria Rodriguez Melonek eta Eukene Pardok. Asaldatuta. Izan ere, ez dute gogoko kontseilu horren funtzionamendua arautzeko erregelamenduan egin nahi den aldaketa: gizonak ere kontseiluko kide gisara ontzat hartzea ekarriko luke moldaketak, eta uste dute ezin dela begi onez jo. «Izan ere, berdintasuna ez da benetakoa; inondik inora ere ez», argudiatu zuten atzo hiru andreek. Ostegunean da arautegi berriaren gainean botoa emateko udal batzarra, baina onetsita ere, ez dute onartuko: «Kontseilura gizonen bat badator, altxatu eta joan egingo gara; hitz eginda dago hori». Emakumeen Kontseilua izaten segitzea nahi dute; ez Berdintasunerako Kontseilua soilik. PSE-EEk proposatu du aldaketa; EAJri eta PPri harekin bat egitea egotzi diete.

1996tik dago Donostian martxan kontseilua, eta 1997an onartu zen erakunde horren funtzionamendua antolatzeko lehen erregelamendua. Gizarte erakundeetako, sindikatuetako eta alderdi politikoetako ordezkarien topagune da. Erakunde bizia. Ordutik, hainbat jardueratan gizonen partaidetza ontzat jo bada ere, kontseiluko kide guztiak andrazkoak izan dira beti, eta garrantzitsua iruditzen zaie erregelamendu berrian ere hori bere horretan lagatzea. «Akaso benetako berdintasuna lortzen den egunean, kontseilu hau ez da beharrezkoa izango», azaldu zuten andreek. «Baina hori lortu bitartean, kontseilua andrez bakarrik osatuta egotea nahi dugu».

Gaur-gaurkoz, oso urrun ikusten dute oraindik gizon eta emakumeak parekide gisara hartuko dituen gizartea. Errealitatetik jasotako hainbat zertzelada gogorarazi dituzte horretarako: indarkeria matxistaren inguruko salaketak eta eraso sexistak ohikoak direla gaitzetsi dute, eta, esaterako, berriki genero indarkeriarekin lotutako salaketetan igoera bat izan dela, gainera. Badira beste hainbat datu parekidetasuna oso urrun dagoela erakusteko: gizon eta emakumeen arteko rolen banaketa estua, andreei lan munduan aurrera egitea eragozten dien gizarte antolaketa, eta parekidetasunaren aldeko prozesuei galga jartzen dien berdintasun faltsua arazo handiak dira egunerokoan. Guztiak zerrendatu dituzte, eta zuzenketa bat aurkeztu dute, erregelamendu berrian gizonei atea irekiko dien aldaketa aintzat har ez dadin.

Argudioen kontra

Aditzera eman dutenez, kezka eragin die, bereziki, kontseiluan gizonak onartzearen alde daudenek erabili dituzten argudioak. Batetik, Kontseiluko ordezkarien arabera, azaldu dute «gogobetetzeko moduko» lorpenak egin direla gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren bidean. Beste argudioa da usu zaila dela kontseilurako ordezkari andrazkoak lortzea. Biak kritikagarriak iruditzen zaizkie atzo agerraldia egin zutenei. «Batez ere, gero parekidetasunaz mintzatzen betetzen zaienean ahoa», deitoratu dute. Etzi Donostiako Udaleko udalbatzarrean bozkatuko da erregelamendu aldaketa; bertan izango dira andreok. Kexuka.

No hay comentarios: